
“Konpromisoz konpromiso”, La Salle ikastetxeen goiburua 2025-2026 ikasturtean
- Date 2025-09-03
Estreinaldi betean gaude. Iritsi da 2025-2026 ikasturtea eta, hari ongi etorria emateko, ikasturte osoan gogoetarako izango dugun goiburua aurkezten dizuegu: “Konpromisoz konpromiso”.
La Salle Joan Bautista gure fundatzailearen hitzak hartu ditugu konpromisoaren balioa Kristau Eskoletako Anaien hastapenetik bertatik gure balioa dela gogoratzeko. Konpromiso hori, izan ere, egunez egun ageri da salletar misioa betetzeko egiten dugun ekintza bakoitzean.
“Jainkoak jakituriaz eta gozo erakusten du bidea, pertsonen joerak behartu gabe; hala, eskoletan aritzeko konpromiso betea har nezan nahi izan zuen. Denbora hartu zuen niri mezu hori bidaltzeko, eta ia oharkabean egin zuen. Hasiera batean ez nuen halakorik pentsatu, baina konpromiso batek beste konpromiso batera eraman ninduen”. (MSO 6)
Salletar konpromisoa prozesuan egotea da, parte hartzea, itxaropena izatea. Konpromisoa, Joan Bautistak bizi izan zuen eran, sinesten dugun bideari jarraitzeko erabaki hausnartu baten ondorio da, non pertsonak dauden erdigunean eta, batik bat, premia handiena duten pertsonak. Partaide izatea eta parte hartzea ere bada konprometitzea, harantzago begiratzea eta lan egitea, geure bokaziotik abiatuta, misioaren alde. Eta konprometitzea itxaropen-ekintza da, salletarrok etorkizunean sinesten dugulako, gure eguneroko lanean, printzipioetan eta balioetan oinarrituta.
Munduak, gaur egun, gatazka eta desberdinkeria bizi ditu, erronka ugari ditu esparru guztietan eta, ondorioz, konpromisoak hartzen eta betetzen dituzten pertsonak behar ditu. La Salle ikastetxe garen aldetik, hezkuntzaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, gizartea eraldatzeko tresna den aldetik, eta pertsonen ondoan gaude, bidelagun haien garapen osoan. Pertsonaren konpromisoa bilatzen dugu beti, gizartea bidezko, solidario, integratzaile eta aukeraz betea izan dadin guztiontzat.
Konpromisorako dei hori gure nortasunaren erraietatik sortzen da, salletar DNAren baitatik, gure ekintza guztien lurrin gozoa baita eta “dena konektaturik dagoela” gogoratzen baitigu. Konexio horren bultzadaz, urratsak ematen jarraitzen dugu gure ikasleekin, familiekin, hezitzaileekin eta elkarteekin, La Salle proiektua bizi eta hazi dadin.
La Salle ARLEP barrutiko ikastetxeok konprometitzera eta La Salleko Joan Bautistak hartu zuen konpromisoa betetzen jarraitzera gonbidatzen zaituztegu.
Ongi etorriak ikasturte berrira!
